Hitzaldiak:

Data: Azaroaren 20a, ostirala

Ordua: 10:00-14:30

Lekua: Bizkaia Aretoa. Abandoibarra etorbidea, 3. Bilbao

Prezioa: 25 €. Hitzaldiak (goizez) + lan-mahaiak (arratsaldez)

Jarduera honen Ondorioak

ALTERNATIBAK

HITZALDIAK


 

I Komunak direnak diseinatzen

Constantin Petcou, Doina Petrescu | Atelier d’Architecture Autogérée

.

Ponencias-webRururban. Agrocite. Borcante

.

Komunak direnen kontu hori demokraziari buruz egun gertatzen ari diren eztabaiden funtsetako bat da. Azkenaldiko hainbat testutan, Michael Hardt eta Antonio Negri autoreek honela definitu dituzte komunak direnak: “produkzio biopolitikoaren” zati bat dira, eta produkzio materiala –zentzu ekonomiko hertsian– biltzeaz gain, gizarte-bizitzaren beste alderdi batzuk eraginpean hartu eta alderdi horiek produzitzeko lagungarri ere izaten dira, hala nola, ekonomiaren, kulturaren eta politikaren alderdiak. Haien esanetan, “produkzio biopolitiko horri esker, gero eta komunak diren alderdi gehiago sortzen dituenez, gaur egungo demokrazia ahalbidetzen da”.

 

Hardt eta Negri pentsalarien arabera, gaur egungo proiektu iraultzailea komunak diren horiek harrapatu, desbideratu, eskuratu eta erreklamatzearekin loturik dago, prozesua eratzen duen gakoa den aldetik. Eta berreskuratzea eta berrasmatzea ere bada, aldi berean. Konpromiso (ekimen, zeregin) horrek kategoria berriak eskatzen ditu, erakunde berriak, kudeatzeko eta gobernatzeko modu berriak, espazio/toki berriak eta eragile/agente berriak. Azpiegitura horiek ezartzea erlazio-prozesua da. Subjektibitatearen, tresnen eta kontzeptuen sare, lotura eta konexioak sortzea da. Komunak direnak defendatu eta diseinatzea erronka izaten da gaur egungo arkitekto eta diseinatzaileentzat; komuna dena abiapuntu hartuta diseinatzea, partekatzeko diseinatzea, kolektiboki diseinatzea, modu iraunkorrean, diseinua ez dadin pribilegiotzat har, beste salgai bat izango balitz bezala, ez baitu inor bereizten, ezta baztertzen ere; aitzitik, bildu, gizarteratu eta, beraz, politizatu egiten du.

 

Gure kasuan, atelier d’architecture autogérée tailerrean egindako gure azken proiektuetako zenbait txertatuko ditugu: arkitekturaren gaia common bat dela proposatuko dugu, jardunbide kolektibo eta emantzipatzailea dela, arkitektoak eta erabiltzaileak maila berean ahalduntzen dituela, eta lanbide elitista izatetik jarduera partekatua izatera, jardunbide erlazional “politiko” izatera aldatuta.

 

Constantin Petcou arkitektoa, ikertzailea eta semiotikoa da; arkitektura autokudeatutako tailerraren sortzailekidea eta R-Urban proiektuaren arduradunetako bat.

Doina Petrescu Sheffieid-eko Unibertsitateko irakaslea da baita arkitektura autokudeatutako tailerraren sortzailekidea ere.

.

Arkitektura autokudeatutako tailerra (atelier d’architecture autogérée) Constantin Petcouk eta Doina Petrescuk 2001ean Parisen sortutako plataforma kolektibo bat da. Arkitektura autokudeatutako tailerrak hiri-mutazioen eta hiri garaikidearen jardunbide berrien inguruko ekintzak eta bilaketak zuzentzen ditu, betiere jakintza eta trebetasun heterogeneoak bilduz: testuinguru kultural desberdinetatik datozen arkitektoak, artistak, ikasleak, ikertzaileak, aktibistak eta herritarrak. Arkitektura autokudeatutako tailerraren proiektuak honako hauetara bideratuta daude: gune kolektiboen autoantolaketa eta autokudeaketa, sare berriak, hiri-testuinguruetako katalisi-prozesuak, irabazietan oinarritutako garapen-logikekiko erresistentzia (birziklapenari lotutako erakundeak, erakunde ekologikoak eta jakintzen eta kultura alternatiboen produkzio kolektiboa). Proiektu berriak: ECObox (2001etik gaur egun arte) Pariseko iparraldean, Pasaje 56 (2006tik gaur egun arte) St Blaise auzoan eta R-Urban proiektua; azken proiektu hori hiria berroneratzeko “bottom-up” estrategia bat da, hain zuzen ere hiriko biztanleek eratutako erabilera partekatuaren, gobernantza kolektiboaren, sare lokal eta trans-lokalen eta hub kolektiboen eguneroko jardunbideen bidez gainditua; gaur egun public works-ek inplementatu du Colombes-en eta Hackney Wick-en (2008tik gaur egun arte).

 

Bestalde, Arkitektura autokudeatutako tailerrak honako hauek ere koordinatu zituen: PEPRAV (2007-2008, Hiriaren inguruko jardunbideen eta ikerketa alternatiboen plataforma bat) eta Rhyzome (2009-2010, kultura-jardunbide trans-lokalen Europako sare bat). ACT serieko bi lan ere argitaratu zituen : Urban ACT (2007) eta Trans-Local ACT 2010.


Arkitektura autokudeatutako tailerrak honako sari hauek jaso ditu: Espazio Publikoaren 2010eko Europar Saria, Pariseko Metropoliko Arkitektura Garaikideen 2010eko Publikoaren Saria, Gizarte Berrikuntzarako Nazioarteko 2011ko Curry Stone Design Saria eta Ikerkuntza eta Ekimenerako Nazioarteko 2012ko Zumtobel Arkitektura Saria; bestalde, Europako Inbertsio Bankuaren Institutuaren Social Innovación Tournement Sariko finalista izan zen.

www.urbantactics.org


 

II Alterotopia sortu aurreko unera arte. Hirigintza Makina-Degradazioa-Kanpokotasuna- Larritasuna.

Iago Carro | Ergosfera

.

ErgosferaEl medio es el mensaje

.

Nork diseinatu zuen Sevillako orube hutsak eratzeko mekanismoa Recetas Urbanas taldeak behin-behineko erabilera irudikatu aurretik? Nork diseinatu zuen haurrak ginenean jolasten ginen eremu edo etxearen egoera txarra edo gaur egun gu joaten garen zentro sozial okupatua dagoen tokia? Nork diseinatu zuen La Latina kiroldegiaren orubearen hiri-egoera Campo de la Cebada-ko auzo-prozesua hasi zen unera arte? Nork diseinatu zuen gentrifikazio-prozesuan dauden auzoen giro degradatua, “klase sortzailearentzat” edo “jakintzaren langileentzat” hain erakargarria dena hain zuzen?

 

Munduak barnetasunaren nagusitasunaren bidea (hiri-ordena, estatuen edo inperioen kontrola, gizarte globala edo mundu osoko kapitalismo integratua) hartu duenaren hipotesia onartzen badugu, hirigintza-teoriak erantzutea merezi duen galdera bakar bat dago: kanpokotasuna diseina daiteke? edo dagokigun kasuan galdera bera dena… alterotopien larritasunaren aurreko egoerak susta, proiekta edo patrimonializa daitezke?

 

Iago Carro arkitektoa eta hirigintza-espezialista da Coruñako Unibertsitatean; bestalde, 2012. urtetik, Coruñako Unibertsitateko Arkitekturako Proiektuen eta Hirigintzaren Saileko doktoratu aurreko ikertzailea da baita Galicia Cidade e Territorio ikerketa-taldekoa ere. Hiri-ikerketarekiko duen konpromiso politiko sutsua 2006. urtetik Ergosfera-ko kide gisa (hiri-ikerketako eta hirian esku-hartzeko proiektuak garatzen dituen paperik gabeko arkitektoen taldea) garatu du nagusiki. Tailerrak, hitzaldiak, eztabaidak, erakusketak edo esku-hartzeak antolatzen dituzte baina azken aldian, hiri garaikidea osatzen duten prozesuen inguruko mikroikerketa kritikoetara bideratuta dago haien lana. Hiriaren aldekoak dira eta Arkitektura Kolektiboen Sarean daude
http://ergosfera.org


 

III Narratiba berriak, gune berriak

Ethel Baraona Pohl | dpr-barcelona

 

Ethel BaraonaPhotomontage from l’écran fantastique dans le numéro 11 de 1979 à la page 121

.

Argi dago 2008ko finantza-krisiak arkitekturaren eremuan inflexio-puntua ezarri duela (asko hitz egin da horretaz). Balio ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalak eragin sakona izan dute, eta testuinguru horretan The Economist aldizkariak ‘hirugarren industria-iraultza’ deitu dionaren lekuko –eta parte-hartzaile– izan gara: teknologia berrietarako sarbidea eta lankidetza-sareetan banatutako eta oinarritutako produkzio modu berriak, lan modu berriak sortzea eragin dutenak hain zuzen. Aldaketa horiek guztiek zuzenean eragin dute gure hiria eta harremanak ulertzeko moduan, beraz baita arkitektura ulertzeko moduan ere. Badirudi, 2011. urtean sortutako mugimenduek –Arabiar Udaberriarekin hasi zirenek– 15 M mugimenduak edo Occupy Wall Street mugimenduak mundu osoko erantzun geldiezina hasi dutela; Guatemalan eta Mazedonian (elkarrengandik hain urrun dauden lekuak) duela gutxi izan diren protestak dira horren adierazgarri. Beraz, 2008ko finantza-krisiak komunikazio modu berri hauekin eta erreminta desberdinetarako sarbidearekin batera arkitektura ulertzeko eta egiteko modu berriak sortzeko katalizatzaile gisa jardun du.

 

Ia zortzi urte igaro ondoren beharrezkoa da –ia presazkoa– une batez gelditzea proiektu-ugaritasuna aztertzeko eta balioesteko baita jardunean sortzen ari diren hizkuntza berriak ulertzeko ere. Egunerokotasunean, adimen kolektiboan eta lankidetzen oinarritutako hizkuntzak. UrbanBAT 2015 proiektuak proposatutako ‘alterotopia’ hauek, besteekin eraikitako leku horiek, ezingo lirateke ulertu forma ematen dieten narratiba berrietan sakondu gabe. Istorio txikien, bizilagunen arteko harremanen eta azpiarruntaren garrantziak osatzen du gure hirien funtsa.

 

Narratiba berri hauek gune berriak sortzen dituzte, batzuetan ukiezinak, beste batzuetan soinuzkoak, poetikoak edo tektonikoak baina hiri-bizitza garatzen den guneak guzti-guztiak. Hori dela-eta proposatzen dugu arkatzak eta pantailak alde batera uztea eta alkimista izatera jolastea. Honako hau proposatzen dugu: normalean arkitektura oinarritzen den parametro mugatuak –metro karratuak, aurrekontuak, inbertsioak– aldatzea eta gure eztabaiden oinarritzat giza harremanak hartzea. Konplexutasunera itzultzea proposatzen dugu; hirien izaera ulertzeko metrika gisa poesia, enpatia eta gogoberotasuna erabiltzea. Gure arkitektura-estandarrak inolako lotsarik gabe eguneratzea eta istorio eta narratibetan eraldatzea. Alkimistak izatera jolasten duten arkitektoak izan nahi dugu, aurkako elementuetatik abiatuta elementu berriak sortzeko: poesia eta ekonomia, ahanztura eta oroitzapenak, eraikuntza eta eraispena nahastea. Eta narratiba horiekin eraikitzea babeslekuak, arkitektura ukiezinak, denbora-segidak eta oroitzapen, mito eta sinbolo berriak.*

* Dissidence from Standards, dpr-barcelona [2015]

 

 

Ethel Baraona Pohl. Arkitektoa, editorea eta komisarioa, nahiz eta berak nahiago duen professional amateur gisa hartzea. César Reyes-ekin batera dpr-barcelona (Bartzelonan kokatutako ikerketa- eta argitaratze-estudio independentea) sortu zuen; bestalde, Quaderns d’arquitectura i urbanisme koadernoen editorea da eta 2003. urtetik bere lan profesionala arkitekturaren teoriaren eta kritikaren inguruko hainbat argitalpenetan garatzen du. Bere lankidetza-sare zabalari eta edukien askapenean oinarritutako ikaskuntza-filosofiari esker, bere lana arkitekturako blog eta aldizkari garrantzitsuenetan (Volume, MAS Context, The New City Reader [Istanbul edition] eta Domus) aurki dezakegu. Hainbat tokitan hitzaldiak ematera gonbidatua izan da, besteak beste, Rotterdamgo New Institute institutuan, Osloko 0047 erakundean, Jerusalemgo Bezalel Academy akademian eta Vilniusko Architecture Fondas-en. “Adhocracy” erakusketaren egituratzailea izan zen Istanbulgo Diseinuko Lehen Bienalerako [2012]; 2013an New Yorkeko New Museum museoan eta Londreseko Lime Wharf galerian jarri zen ikusgai erakusketa hori. Think Space, ‘Money’ argitalpenaren 2013-14 zikloaren komisarioa. Gaur egun Adhocracy ATHENS erakusketaren komisarioa da Onassis Cultural Center zentroan, 2015.

www.dpr-barcelona.com | @dpr_barcelona | @ethel_baraona