Mahai Gainean:

Data: Azaroaren 20a, ostirala

Ordua: 16:00-20:00

Lekua: Bizkaia Aretoa. Abandoibarra etorbidea, 3. Bilbao

Prezioa: egun osorako sarrera barne hartuta: 25 €.

Hitzaldiak (goizez) + lan-mahaiak (arratsaldez)

Jarduera honen Ondorioak

MIKROPRAKTIKAK

PROPASAMENEN TAILERRA


 

Mesa de trabajo_webIlustración de SEWARD BURROUGHS aka. Javier García Herrero.

.

Jaialdiak aurten lan-mahaiak antolatu ditu bere programazioan, hau da, San Frantzisko eta Bilbo Zaharra auzoetako agenteek planteatutako gatazken, desioen edo premien inguruko elkarrizketaguneak. Hiriaren beste eremu batzuetan eta beste lurralde batzuetan errepikatzen diren problematika globalen adierazgarri diren tokiko gaiak.

Proposatutako 5 mahaietako bakoitza honako hauek osatuko dute:

  • Erronka jakin bat planteatu duen tokiko agentea.
  • Tokiko agenteak eztabaidatzera gonbidatutako …pertsonak/erakundeak/instituzioak.
  • Agente bisitari bat (hirikoa ez dena), planteatutako problematikaren inguruan kanpoko esperientzia eta ikuspegi desberdina eskain dezakeena.
  • Proposatutako mahaietan parte hartu nahi duen jardunaldira bertaratutako edozein pertsona.

 

Sormen kolektiboa eta proposamen bateratuen bilaketa garatzea ahalbidetzen duen metodologiarekin lan egingo dugu. Kasu bakoitzaren aurkezpen labur bat egin ondoren, bertaratutakoek gaian sakontzen jarraitzeko lan-mahaia aukeratu ahal izango dute.

 

Mahai hauen azken helburua honako hau izatea nahi genuke: hemendik aurrera jarduteko zenbait erantzun edo ekarpen lortzea, hain zuzen ere inspirazio, abiapuntu edo puntu eta jarrai gisa balio dezaketenak.

 

Como objetivo último de estas mesas nos gustaría lograr una serie de respuestas y aportaciones concretas que puedan servir de inspiración, punto de partida o punto y seguido para actuar de aquí en adelante.


 

1. MAHAIA: elkarbizitza, dibertsitatea eta dinamika akastunak

 

Auzoko proiektu soziokultural batek nola beregana dezake bizilagunen legitimitatea eta errespetua elkarbizitza harmoniatsua eta jarduten duen gune publikoaren erabilera inklusibo eta anitza susta dezan?

 

Kokatutako kasua: Sarean eta Mariaren Bihotza Plaza
Dei-egilea I Lokala: Sarean Kultura Elkartea

 

Sarean bizilagunen topagune bat da eta mota guztietako adierazpen soziokulturalei irekita dago. Parte-hartzerako eta lankidetzarako gunea da, kultura eta belaunaldi anitzetatik abiatuz eta gizartea inplikatuz lan egiteko hain zuzen.

 

Sarean elkarteak 2015eko irailean zabaldu ditu berriz bere ateak baina ekimena laurogeiko hamarkadaren amaieratik dago martxan eta ordutik hona hainbat aldaketa eta fase izan ditu.

 

Sarean Mariaren Bihotza Plazan kokatuta dago; duela gutxi berrurbanizatu da gune hori –prozesu partizipatibo baten ondoren– baina, hala ere, ez da lortu bertan auzoko bizilagun eta erabiltzaile guztien bizitza eta erabilerak integratzea. Aitzitik, kultura desberdinek gune publikoan duten banaketa oso partzelatua eta mugatua dago, eta horrek kultura arteko hibridaziorako edozein ekimen eragozten du.
www.sarean.info

 

Bisitaria: Atelier d’Architecture Autogérée

 

Arkitektura autokudeatutako tailerra (atelier d’architecture autogérée) Constantin Petcouk eta Doina Petrescuk 2001ean Parisen sortutako plataforma kolektibo bat da. Arkitektura autokudeatutako tailerrak hiri-mutazioen eta hiri garaikidearen jardunbide berrien inguruko ekintzak eta bilaketak zuzentzen ditu, betiere jakintza eta trebetasun heterogeneoak bilduz: testuinguru kultural desberdinetatik datozen arkitektoak, artistak, ikasleak, ikertzaileak, aktibistak eta herritarrak. Arkitektura autokudeatutako tailerraren proiektuak honako hauetara bideratuta daude: gune kolektiboen autoantolaketa eta autokudeaketa, sare berriak, hiri-testuinguruetako katalisi-prozesuak, irabazietan oinarritutako garapen-logikekiko erresistentzia (birziklapenari lotutako erakundeak, erakunde ekologikoak eta jakintzen eta kultura alternatiboen produkzio kolektiboa). Proiektu berriak: ECObox (2001etik gaur egun arte) Pariseko iparraldean, Pasaje 56 (2006tik gaur egun arte) St Blaise auzoan eta R-Urban proiektua; azken proiektu hori hiria berroneratzeko “bottom-up” estrategia bat da, hain zuzen ere hiriko biztanleek eratutako erabilera partekatuaren, gobernantza kolektiboaren, sare lokal eta trans-lokalen eta hub kolektiboen eguneroko jardunbideen bidez gainditua; gaur egun public works-ek inplementatu du Colombes-en eta Hackney Wick-en (2008tik gaur egun arte).

 

Bestalde, Arkitektura autokudeatutako tailerrak honako hauek ere koordinatu zituen: PEPRAV (2007-2008, Hiriaren inguruko jardunbideen eta ikerketa alternatiboen plataforma bat) eta Rhyzome (2009-2010, kultura-jardunbide trans-lokalen Europako sare bat). ACT serieko bi lan ere argitaratu zituen : Urban ACT (2007) eta Trans-Local ACT 2010.

 

Arkitektura autokudeatutako tailerrak honako sari hauek jaso ditu: Espazio Publikoaren 2010eko Europar Saria, Pariseko Metropoliko Arkitektura Garaikideen 2010eko Publikoaren Saria, Gizarte Berrikuntzarako Nazioarteko 2011ko Curry Stone Design Saria eta Ikerkuntza eta Ekimenerako Nazioarteko 2012ko Zumtobel Arkitektura Saria; bestalde, Europako Inbertsio Bankuaren Institutuaren Social Innovación Tournement Sariko finalista izan zen.
www.urbantactics.org


 

2. MAHAIA: gizarte-berrikuntzarako plazak. Espazio publikoa, ekintzailetza, garapen komunitarioa eta kultura-ekintza

 

Plaza historiko bat erabat berritu ostean, plaza horrek nola (bir)defini ditzake bere nortasun eta erabilerak, erabiltzaile zahar eta berriekin batera?

 

Kasu zehatza: Harrobia plaza
Dei-egilea I Lokala: ColaBoraBora

 

Harrobia plaza Bilboren jatorri eta etorkizun da. Mineralen harrobi, harremanen eta talentuaren harrobi. Langile-mugimenduaren sorleku, munduko lanbiderik zaharrenean jarduten duten profesionalez inguratuta, ekintzaile berrien lorbide, lanbide berrietarako ikasleen lorbide, gizartean eta lan-arloan baztertuta geratzeko arriskuan daudenei laguntzeko toki, eta horretaz guztiaz gain, ordena-indarren base. Espazio publiko abegikor baina ez oso abegitsua, batik bat euren ilusioei esker bizirauten duten atzoko eta gaurko gorputz kaltebera eta prekarioen bizileku. Ilusioak, potentzia eraldatzaile handiz betetako ilusioak, baldin eta komunean jartzeko gai bagara.

Auzoan azken urteotan gehien aldatu den tokietako bat da. Arbel erdi-hutsa, memoria-geruza handia duela. Ikastola handi berria, oraindik bete gabe dauden aukera-espazioz beterik. Kanpoaldera agertzen ez diren barnealdeak. Babes ofizialeko etxebizitza zahar eta berriak. Eskailerak, lubaki bat gainditu nahian beste bat eraiki dutela. Polizia-etxea, noiz arte izango ote den jakin gabe…

 

Plazaren espazio fisiko eta mental propioaren gainean hausnartzeko aukera. Plaza ekosistematzat hartuta, gizarte-berrikuntzarako, ekintzailetzarako, garapen komunitariorako eta kultura-ekintzarako ekosistematzat. Bizitza ardatz izango duen plaza.

 

Mahai honekin, HARROBItik HARROBIra plazaren gaineko hausnarketa kolektiboa egiteko prozesuan beste urrats bat egin dugu aurrera; Bilbao Ekintza udal-erakundeak sustatutako prozesua da, erakundearen xede izanik Bilborentzat aberastasuna sortzea, ekonomiari eta gizarteari dagokienez. Bestalde, ColaBoraBora kooperatiba ari da prozesua garatzen; lankidetzako ingurune eta prozesuak diseinatu eta ezartzen ditu kooperatiba horrek.
www.colaborabora.org

 

Kolektibo bisitaria: LaCol

 

LaCol Bartzelonako Sants auzoan lan egiten dugun arkitekto gazteez osatutako kooperatiba bat da. Gizarte-eraldaketa eragiteko arkitekturatik abiatuta lan egiten dugu, arkitektura ingurune hurbilenean modu kritikoan esku hartzeko tresna gisa erabiliz. Gizartearekin paraleloan lanean, modu zuzen eta solidarioan jardunez eta lan horizontaleko sistematik abiatuz.

 

Gure ustez, hiria eraldatzeko hirian bizi den jendearen parte-hartze aktiboa eta ekintza proposatzailea behar dira. Hiria partekatzen dugun pertsona guztien bizi-kalitatearekin zerikusia duten interesen inguruan lan egiten dugu. Arkitektoaren ekarpena hiri-mugimenduan biltzen da, engranaje horretako pieza gisa; izan ere, hiritarren kezkak ulertu eta paperean jasotzen laguntzen duena da, helburuak eta estrategiak definitzeko irizpideak gaineratzen diru baita marrazketa grafikoaren bidez ideiak definitzeko eta komunikatzeko tresnak ere…

 

Besteak beste, honako hauen inguruko eztabaida sustatzen dugu: espazioen erabilera, hiriguneen kudeaketa, hiri-ereduak, parte-hartzea eta ondasuna berreskuratzea.
www.lacol.org


 

3. MAHAIA: Emakumeak eta espazio publikoa

 

Zer egin daiteke elkarteen mugimendutik emakumeek eta, bereziki, jatorri atzerritarreko emakumeek espazio publikoa erabil dezaten sustatzeko?

 

Kasu zehatza: San Frantzisko auzoa
Dei-egilea I Lokala: Munduko Medikuak

 

Munduko Medikuak boluntarioen elkarte bat da eta ez du inolako loturarik ezein alderdi politiko, erlijio-erakunde, talde mediatiko edo finantzierorekin; justizia sozialaren alde eginez, gure herrialdean eta mundu osoan krisiaren eta bazterkeriaren biktima diren herritarrei laguntzea du bokazio eta xede.

 

Munduko Medikuak elkartea 1997. urtean sortu zen Bilbon, Bailen kaleko 1. zenbakian, eta harrezkero, gizarteratzearen eremuan jardun du, gizarte-bazterkeriaren egoeran edo arriskuan dauden etorkinei arreta eta harrera emateko hainbat proiekturen bitartez.

 

Immigrazioaren eta aniztasunaren kudeaketaren eremuan 17 urteko eskarmentu hori aintzat hartuta, San Frantzisko auzoan Esku-hartze integral eta komunitarioko proiektu handi bati ekitera goaz, auzoan kultura arteko bizikidetza sustatzeko asmoz. Bada zenbait urte Munduko Medikuak elkartea auzoan lanean ari dela drogekin eta immigrazioarekin loturik, baina proiektu hau abiaraztearen ondorioz auzoaren berezitasun eta premietan are gehiago sakonduko dugu. Auzoko espazio publikoaren okupazioaren gaia behin eta berriz ateratzen da, ez da berria, baina horrek ez du esan nahi gai erraza denik eta horregatik aurkeztu nahi dugu gai hori gaur, mahai gainean jarri eta guztion artean espazio publikoaren okupazioa parekidea izateko estrategiak bila ditzagun.

www.medicosdelmundo.org

 

Bisitaria: Ethel Baraona Pohl

 

Arkitektoa, editorea eta komisarioa, nahiz eta berak nahiago duen professional amateur gisa hartzea. César Reyes-ekin batera dpr-barcelona (Bartzelonan kokatutako ikerketa- eta argitaratze-estudio independentea) sortu zuen; bestalde, Quaderns d’arquitectura i urbanisme koadernoen editorea da eta 2003. urtetik bere lan profesionala arkitekturaren teoriaren eta kritikaren inguruko hainbat argitalpenetan garatzen du. Bere lankidetza-sare zabalari eta edukien askapenean oinarritutako ikaskuntza-filosofiari esker, bere lana arkitekturako blog eta aldizkari garrantzitsuenetan (Volume, MAS Context, The New City Reader [Istanbul edition] eta Domus) aurki dezakegu. Hainbat tokitan hitzaldiak ematera gonbidatua izan da, besteak beste, Rotterdamgo New Institute institutuan, Osloko 0047 erakundean, Jerusalemgo Bezalel Academy akademian eta Vilniusko Architecture Fondas-en. “Adhocracy” erakusketaren egituratzailea izan zen Istanbulgo Diseinuko Lehen Bienalerako [2012]; 2013an New Yorkeko New Museum museoan eta Londreseko Lime Wharf galerian jarri zen ikusgai erakusketa hori. Think Space, ‘Money’ argitalpenaren 2013-14 zikloaren komisarioa. Gaur egun Adhocracy ATHENS erakusketaren komisarioa da Onassis Cultural Center zentroan, 2015.

www.dpr-barcelona.com | @dpr_barcelona | @ethel_baraona


 

4. MAHAIA: Gentrifikazioa

 

Nola saihestu gentrifikazioa?

 

Kasu zehatza: Aretxaga kalea eta mugakideak
Dei-egilea I Lokala: Atxake

 

“Gure lokalak bertan kokatu baino ez dugu egin… Atxakerekin kultura-programazio txiki bat prestatu dugu….eta jada hasi da ondorioak izaten, ondorio positiboak (auzokideak pozik daude auzoari bizitasuna eman diogulako), eta ondorio negatiboak (antza, kaleak hartu duen deribari buruzko iritzi negatiboak sortu dira, etorkizuneko espekulazioa dela-eta). Topaketa honen harira, Atxakeren helburuak bete ditzakegu eta jarraitu beharreko ildoak ere finka ditzakegu, antzeko egoera bizi izan duten beste hiri batzuetako ereduei jarraiki. Eta…denboran iraun ahal izatea?

 

Nola eraiki ditzakegu zubiak auzoko betiko dendekin, aurreiritzien hesia eraisteko? Nola saihestu denda berriak moda iragankor izatea? Orain moda-modan nago eta beste zonalde batzuetako jende berri asko erakartzen dut, baina gero beste zonalde bat izango da modakoa, eta jendeak etortzeari utziko dio. Nola dinamizatu auzoa kultura-jardueren bitartez (Atxake), beste zonalde batzuetako eta auzoko bertako jendea erakartzeko? Nola okupatu espazio publikoa gure denden ekintzen bitartez (Atxake), zonaldeari balioa emateko?

 

Dei-egilea I Lokala:  Atxake

 

Atxake kultura-ekitaldi bat da, eta auzoan kokatuta dauden ostalaritzako lokalek, dendek eta arte-estudioek antolatzen dute kalea dinamizatzeko asmoz, egun jakin batzuetan artearekin eta kulturarekin zerikusia duten esku-hartzeak eginda.
https://www.facebook.com/Atxake-1431010850543711/

 

Bisitaria: Iago Carro I Ergosfera

 

Arkitektoa eta hirigintza-espezialista da Coruñako Unibertsitatean; bestalde, 2012. urtetik, Coruñako Unibertsitateko Arkitekturako Proiektuen eta Hirigintzaren Saileko doktoratu aurreko ikertzailea da baita Galicia Cidade e Territorio ikerketa-taldekoa ere. Hiri-ikerketarekiko duen konpromiso politiko sutsua 2006. urtetik Ergosfera-ko kide gisa (hiri-ikerketako eta hirian esku-hartzeko proiektuak garatzen dituen paperik gabeko arkitektoen taldea) garatu du nagusiki. Tailerrak, hitzaldiak, eztabaidak, erakusketak edo esku-hartzeak antolatzen dituzte baina azken aldian, hiri garaikidea osatzen duten prozesuen inguruko mikroikerketa kritikoetara bideratuta dago haien lana. Hiriaren aldekoak dira eta Arkitektura Kolektiboen Sarean daude.
http://ergosfera.org


 

5. MAHAIA: Autokudeaketarako auzoguneak

 

Zein izango litzateke auzoa auzo-proiektu batean inplikatzeko eta denboran irauten duen eredu autokudeatu iraunkorra sortzeko bidea?

 

Kasu zehatza: Bilbiko Kultur Etxea
Dei-egilea I Lokala: Bilbiko Kultur Etxea
 .

Kultur Etxea Bilboko Urazurrutia kaleko 7. zenbakian kokatuta dago, 5. barrutian. Duela urte batzuk Bilbo Zaharreko Auzo Elkarteak erabilera-lagapeneko hitzarmen baten egikaritzapena jaso zuen Udaletik (1989. urtea), herritarren parte-hartze esperientzia honi egonkortasuna emango ziona, eraikinari zein denborari dagokionez.

Kultur Etxea pertsonak jabari publikoaren kudeaketan zuzeneko parte-hartzea izatea sustatu nahi duen gune soziala da. Auzotarren zentroa/ekipamendua da, auzoari jarduera kulturala eskaini nahi diona, kultura herritarren gaitasun sortzaile eta sozialak biltzen dituen nozio gisa ulertzen duena. Gaitasun horiek produkzio artistikoa ez ezik, ekintza soziala, pentsamendu kritikoa eta ideien hedapena ere biltzen dituzte. Eremu publikoa zabaltzea eta demokratizatzea bilatzen duten egintza eta prozedurak hain zuzen. “Kultur Etxea” gune integrala da, hizkuntzak eta adierazpen moduak ez ezik, konplexutasun demografikoa, kulturala, etnikoa eta erregistroena, eta lurraldean eta berehalako garaietan bizitzeko moduak ere biltzen dituena. Proiektuan aniztasuna nagusi izanik ere, beti adostasunean oinarrituta jardungo du.

 

Testuinguru honetan, “Kultur Etxearen” proiektua topaketa-aukerak eskaintzen dituen eta haien ondoriozko arazoei aurre egiteko ardura onartzen duen kale-mailako apustua da. Kolektiboei eta pertsonei proiektuan inplikatzeko eta parte hartzeko gonbidapen irekia egin nahi zaie. Horren ondorioz, Kultur Etxearen barne-osaerak honako hau erakusten digu: gizakien aniztasuna onartzen duen eta bizikidetzaren (kulturen, belaunaldien, etnien eta generoen artekoa) aldeko apustua eginez (azken batean heterogeneotasunaren aldekoa), bere ekosistema propioa eraikitzen duen bizitzaren konplexutasuna eta aberastasuna.

www.facebook.com/bilbikokulturetxea

 

Bisitaria: LaFábrika detodalavida (LFdTV)

 

LaFábrika detodalavida (LFdTV) elkartea esperimentazioko prozesu ekonomiko, sozial eta kulturalen sukaldea da, eta lurraldearen kudeaketa sozialaren eta landa-eremuko aisia-kulturaren alde lan egiten du. Gune honetan, prokomunaren, ekonomia sozialaren eta kultura librearen inguruko dinamika sortzaileak eta ikerketa-metodologiak garatzen dira. LFdTV elkarteko taldeak Badajozeko 8.245 biztanleko Los Santos de Maimona herriko zementu-fabrika zaharraren –duela 40 urte baino gehiagotik abandonatuta zegoenaren– bi nabe birgaitu ditu; autoeraikuntzaren metodologia erabiliz eta maitasunez egindako lana izan da.

 

Birgaitze-prozesuan (2010-2015) Arkitektura Kolektiboak sareko hainbat kolektibok lagundu dute, besteak beste, Recetas Urbanas taldeak. Baita herritarren gune baten partaidetza-eraikuntzan interesatutako ahaide, lagun eta hainbat arlotako profesionalek ere; mundu osoko leku desberdinetatik etorritako 1.000 pertsonatik gora inplikatu dira.

 

Tokiko Udalarekin erabilera-lagapeneko hitzarmen bat sinatzeari esker, ahaztuta geratuko zen industriagune bat sozialki errentagarria eta ekonomikoki arduratsua izango den leku bihurtu da. Kudeaketa partizipatiboari eta tokiko herritarren kezkei eta premiei egokitutako programazioari esker, gune balioaniztuna eta heterogeneoa sortzea lortu da, aisia-kulturako eta prestakuntzako giroan eta giro produktiboan, gizartearen eskaerei erantzuteko gaitasun desberdinak dituena hain zuzen. LFdTV elkarteak landa-testuinguruan lan egiten du, pertsonen bidez, pertsonentzat eta pertsonetatik abiatuta.

www.lafabrikadetodalavida.org